2014(e)ko maiatzaren 30(a), ostirala

Kriminologiaren oinarriak, helburuak eta eginkizunak

Artikulu honetako egileak: Amaia Nuñez, Diana Martín, Diana Tejedor, Ione Berrocal, Iñaki Pérez
#KZientifikoa jardunaldietan aurkeztua

Azken urteotan oso boladan daude krimen-ikerketarekin eta delinkuenteen psikologiaren inguruko telesailak eta filmak. Horiei esker, areagotu egin da kriminologiaren inguruko jakin-mina: Zer da Kriminologia? Zer egiten du kriminologo batek? Zer aplikazio ditu diziplina honek?... Haatik, telesail eta film horien eraginez, Kriminologiaren irudi topiko eta okerra ere zabaltzen da; izan ere, krimenak dituzte ardatz, baina ez dute argi erakusten zein den kriminologiaren eta kriminologoen zeregina.

Horiek horrela, artikulu honen bidez, kriminologiaren oinarrizko argibideak ematen saiatuko gara: zer den, zertan oinarritzen den, noiz sortu zen Kriminologia, zer ekarpen egiten duen zientzia gisa, eta batez ere, zer topiko oker dauden gizartean. Batez ere, Kriminologiaren dimentsio soziala nabarmenduko da. Horretarako, hiru atal izango dituen artikulu bat egin dugu. Batetik, Kriminologiaren helburuak eta lan-arloak zehaztuko dira. Bestetik, delinkuentziaren prebentzioan kriminologiak arrisku-faktoreen ikerketaren bidez egin dezakeen ekarpena azalduko da. Eta hirugarren zatian, gaizkileak birgizarteratzeko Kriminologiak proposatzen dituen bideak jorratuko dira.

Horrenbestez, artikulu honen bidez Kriminologia sozial garaikidearen jomugak eta lan-esparru nagusienak nabarmenduko ditugu eta, bide batez, UPV/EHUn Kriminologiako Gradua amaitzear dugun ikasleak garen aldetik, kriminologoek gizarteari egin diezaioketen ekarpenaz ere egingo dugu gogoeta, batez ere, gure diziplinari lan-mundua izan ditzakeen aukerak aldarrikatzeari begira.

Zer da KRIMINOLOGIA

Kriminologia diziplina berria ez den arren, duela gutxira arte ez da ezagutzera eman geure artean. Azkeneko urteetan, saiakera asko egin dira Kriminologia zer den argitzeko. Lehen definizioak XIX .mendekoak dira, nahiz eta, egiazki, “Kriminologia” terminoa berriagoa izan. Izan ere, denborarekin aldatuz joan da Kriminologiari buruzko ikuspegia ere, definizio hauetan ikus daitekeen bezala:

  • 1876: Kriminologia "delituaren" arrazoiak aztertzen dituen diziplina da. Kriminologia  soziologian, psikologian eta antropologian oinarritzen den diziplinarteko zientzia da. Baina, bereziki medikuntzan eta zigor zuzenbidean du bere funtsa (Lombroso, 1876).
  • 1885: Kriminologia “delituaren zientzia” bezala definitzen da, eta delitu soziologiko edo naturalaren eta delitu juridikoaren artean ezberdintzen du (Garófalo, 1885).
  • 2005: Kriminologiaren helburua delituaren arrazoiak eta egileak ulertzea da, honen prebentziorako tresnak prestatzeko eta delituari aurre egiteko. Kriminologiaren jardun-eremu nagusia auzitegien ingurukoa da (kartzelak, polizia, epaitegiak), baina, gizartea bera eraldatzen du jomuga (Garrido, 2005).

Autore hauek kontuan hartuta, definizio hau eman genezake: Kriminologia delitua, delitugilea, biktima, gizartea eta gizarte kontrola aztertzen dituen zientzia da,  beti ere, beharrezko den kasuetan, delituaren prebentzio egiteko eta delituari aurre egiteko.

Garbi ikusten denez, kriminologiak biltzen dituen kontzeptu nagusiak biktima, krimena, delinkuentea edo delitugilea eta gizarte kontrola dira.


KRIMINOLOGIAREN ITURRIAK, IKERGAIAK ETA JARDUERA-EREMUAK

Delituaren fenomenologia eta prebentzioa oso alor konplexuak dira, eta era ezberdinetako ezagutzak eta baliabideak eskatzen dituzte. Hori dela eta, Diziplinartekotasuna da Kriminologiaren ezaugarrietako bat. Eta, ondorioz, hainbat iturritatik edaten duen jarduera da. Hauek dira nagusienak: Zuzenbidea, Psikologia, auzitegiko Hizkuntzalaritza, Soziologia, Medikuntza, Antropologia eta Biologia.

Kriminologiak aztertzen dituen ikergaiak ere askotarikoak dira: biktimizazio inkesten aplikazioa, delitu baten biktima izateko dagoen arriskua, gizarte desberdinetan gauzatzen diren delituak, drogen eta delituaren arteko korrelazioa, etab.

Iturri eta ikergaien aniztasun hori dela eta, Kriminologiak ez ditu, agian, irtenbide profesional oso zehaztuak. Baina, poliki-poliki, gero eta kontzientzia handiagoa dago kriminologoek zeregin garrantzitsuak dituztela hainbat eremutan:
  • Poliziaren jardun eremua
  • Biktimarekiko arretaren esparrua
  • Adingabeen justiziaren esparrua
  • Espetxe - esparrua
  • Politika kriminalaren esparrua
  • Segurtasun pribatuko esparrua
  • Detektibe pribatua
  • Peritu Kriminologoa eta Kriminalista
  • Delituaren prebentzioa

Hala ere, duela gutxira arte ez da Zientzia autonomotzat jo; izan ere, beste zientzien barruan aztertu izan dira urte luzeetan gai horiek. Gaur egun, lan bikaina egiten ari dira kriminologia zientzia autonomo bezala gera dadin. Eta baita kriminologoek erabateko estatus profesionala izan dezaten. Horren alde hainbat erakunde ari dira lanean:
  • Unibertsitateak (UPV/EHU, Euskal Herriko Unibertsitatea, adibidez)
  • Ikerketa Institutuak (Kriminologiako Euskal Institutua, adibidez)
  • Administrazioak (Kriminologoen Elkargo Profesionalei babesa emanez, adibidez)

Hala ere, ezin da ukatu diziplina honek ez duela oraindik merezi duen aintzatespena lortu, ez arlo akademikoan, ez ikerketaren esparruan ezta lan-munduan ere.

Dena den, ondoren aurkeztuko diren ikerketa- eta eskuhartze-lanek ondo erakusten dutenez, kriminologoen zeregina oso garrantzitsua izan daiteke egungo gizartean.

NON IKASTEN DA KRIMINOLOGIA? ZER IKASTEN DA KRIMINOLOGIAKO IKASKETETAN?

Duela urte gutxi arte, kriminologiako ikasketak ez ziren burutzen estatuko edozein unibertsitatean, hauek ematekotan, ez ziren gradu bezala ematen baizik eta, titulu bezala. Denborarekin, kriminologiarekin zerikusia duten titulu eta master asko sortu egin dira.

Gaur egun, kriminologiako ikasketak aurkitu ditzakegu Espainiako unibertsitate publiko eta pribatu gehienetan, eta Europako unibertsitate askotan ere bai, Londresen edo Belgikan adibidez. 2010/11 ikasturteaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean ere ikas daiteke Kriminologiako Gradua, euskaraz zein gaztelaniaz.

Kriminologia, lehen aipatu den bezala diziplinartekotasun zientzia da, hau da, gai mota asko jorratzen ditu. Bereziki lantzen diren psikologia, zuzenbidea eta soziologia, baina badaude beste gai asko ikusten direnak, adibidez, fenomenologia kriminala, biktimologia edo auzitegiko medikuntza esaterako. Horrez gain, komunikazio profesionalarekin zerikusia duten ikasgaiak ere badaude, besteak beste, Kriminologiaren dibulgazioa egiten ikasteko aukera ematen dutenak. Oso garrantzitsua da kriminologiako ikasleek ikasgaien arteko loturak saiatzen egitea, hau eginez gero, errazago ulertuko dute zein den Kriminologiaren funtsa.

Bestalde, bibliografia zabala dago Kriminologia gaien inguruan; eta, nahi izanez gero, edozein gai erraz sakondu daiteke bibliografia horren bidez.


KRIMINOLOGiAREN ZEREGINAK: esku-hartze programa baten adibidea: nerabeen eta gazteen artean indarkeriarik gabeko bikote harremanak sustatzeko programa

Lehen esan denez, Kriminologiak askotariko zeregin profesionalak ditu jomugan. Horien artean, garrantzi berezia dute helburu sozialak dituztenak; bereziki, prebentzioaren alorrekoak. Arlo horietako bat da genero-indarkeriarena. Genero-indarkeriaren esparruan agente eta profesional ezberdinek har dezakete esku, baina baita kriminologoek ere. Zertan? Bada, adibidez, indarkeriarik gabeko bikote harremanak sustatzeko hezkuntza-programetan. Ikus dezagun nola.

Gaur egun albiste asko ikus ditzakegu bikoteen arteko sortzen diren arazoei buruz. kriminologoek, programa honen bitartez lortu nahi dute gazteen arteko indarkeriari aurre egitea eta hauei, jarrera desegoki hauen eragozpenak eta ondorioak erakustea. Honen bitartez, bikote gazteen arteko gatazkak eta indarkeria prebenitu eta aurre egingo genieke.

Bikotekideen erasoa hainbat pertsonek jasaten dute oraindik gure gizartean, fisikoa nahiz psikikoa, eta askotan harantzago iritsi daiteke etxeko indarkeria edo bikotearen ondasunak txikitzea dakar bere baitan. Beraz, argi dago esku-hartze bat egin beharra dagoela, berdintasunean oinarritutako harremanak nola eta edozein eraso mota saihesteko.

Horrexetarako programa honen helburu orokorra honako hau da: indarkeriarik ezan oinarritutako harreman eredu bat bultzatu. Gainera, hainbat helburu espezifiko ditu: tratu txarrak eragingo dituzten eta ohiturak saihestu; eta, diskriminazioa eta indarkeria desagerrarazi.

Ikusten denez, programa hau bete-betean txertatzen da Kriminologiaren zereginetan. Izan ere, balizko delitugileen eta balizko biktimaren arteko harremanen esparruan egiten du lan, gizarte-faktore eragileak kontuan hartuz eta, batez ere, delitua bera gerta ez dadin aurreikusiz.


KRIMINOLOGIAREN ZEREGINAK: ikerketa-lan baten adibidea: espetxeko tratamenduaren eraginaren azterketa

Alabaina, Kriminologiaren beste adar garrantzitsua ikerketarena eta delituaren esparruan martxan jartzen diren esku-hartze programen eta politiken ebaluazioarena da. Izan ere, urte dezente dira martxan direla Kriminologiako Ikerketa Institutuak, administrazio publikoarentzat zein partikularrentzat baliagarriak izan daitezkeen ikerketa-lanak bideratzeko. Horien artean aipatzekoa da Kriminologiako Euskal Institutua (IVAC), Euskal Herriko Unibertsitatearen babesa duena.

Espetxeko tratamenduen helburu nagusia delitugileen berrerortze-tasa gutxitzea da eta ondorioz, atxilotuen birgizarteratzea lortzea. Esan bezala, espetxeko tratamenduen helburua delitugileen birgizarteratzea lortzea da eta helburu hau ikus daiteke Espetxeko Lege Organiko Orokorraren (ELOO) lehen artikuluan eta Espetxe erregelamenduaren bigarrengo artikuluan.

Tratamendu hauen emaitzak positiboak dira, oro har. Azkeneko urteetan aplikatu direnak lortu dute berrerortze-tasa %16 jaistea. Zoritxarrez, espetxe askotan aurki genezake arazo asko. Gehienetan,  ez dute tratamendua aplikatzeko gaitasun eta baliabiderik eta errekurtso falta handia dago, bai profesionalen aldetik eta bai material eta metodologiarengatik.

Honekin garbi ikusten da erakunde hauek profesional espezializatuen beharra eskatzen ari direla, kriminologoak konkretuki. kriminologoek, delitugileen analisia egin eta saiatu beharko lukete hauek birgizarteratzen. Askotan, atxilotu askok ez daude prest espetxetik irteteko eta horretarako badaude profesional batzuk, kriminologoek,  lan hori egiten dutena. Beraz, oso baliagarria izango litzateke kriminologoen erakunde batek delitugileei hobetu aztertzea, eta hauek kanporatzean segimendu bat izatea.


KRIMINOLOGIAREN ETORKIZUN HURBILA

Azkeneko urteetan, leku askotan hitz egin da kriminologiaren etorkizunari buruz. Zaila da edozein gaien edo diziplinen egoera eta irtenbideak aurreikustea eta batez ere gaur egun. Askotan, jende askok galdetzen digu gure irtenbidei buruz, eta egia esan asko daude, baina zaila da hauek azkar aurkitzea.

Duela lau urte hasi ziren Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle batzuk kriminologiako graduan, eta urte honetan garbi dagoenez, lehen belaunaldia irteten da. Hauek ez dute erraztasun handirik izango kriminologiako lanak aurkitzeko, baina uste dugu arazo hau bideratzeko soluzio bat izan litekeela gizarteak ulertzea zertarako balio duten kriminologoek. Ondoren, indarra edukitzeko, Euskal Herriko kriminologoen elkarte bat osatzea oso baliagarria izango litzateke.

Amaitzeko, kriminologiaren etorkizuna asko aldatu daiteke eta horretarako ezinbestekoa da gaur egungo gizarteak  konturatzea kriminologiaren beharra sortu dela eta kriminologiako profesionalek ezinbestekoak direla gizartean sortzen diren gatazka eta arazoei aurre egiteko eta prebenitzeko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina