Hementxe duzue dokumentu partekatua, jaialdiaren inguruko xehetasunak jasotzeko.
Ekimenari hasiera Zientzia Kaiera blogak emanen dio urtarrilaren 8aren inguruan. 1. Jaialdia martxoaren bukaera arte luzatuko da, eta gero Zientzia Kaierak lekukoa beste blog/webgune bati pasako dio.
Horrela, anfitrioi izatea nahi duenak, aukera izanen du! Momentuz, badira batzuk apuntatu direnak:
- Iruñeko Planetarioa
- Ingumak Laborategian bloga
- Zientzia.net
- Aniturri BHIko bloga
- Aldiri Arkitektura Aldizkariaren bloga
- Baga Biga blog!
- Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe
Funtsean, Jaialdi honetan parte hartu nahi baduzu, idatzi zure jakintza-arloari lotutako sarrera dibulgatibo bat eta sarreraren bukaeran honako esaldia gehitu: "Sarrera honek #Kulturazientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du" eta irudi hauxe gehitu:
Hona adibide bat: http://neurozientzian.blogspot.com.es/2013/11/neurozientziaren-oraina-eta-geroa.html
Atxikimenduak
Ekimenarekin bat egin dugunon artean, 100 zenbakia ez da
garrantzitsuena. Garrantzitsuena parte hartzaileen aniztasuna
da, dudarik gabe. Esparru berdintsuenekoak izanen bagina, ekimena
interesgarria litzateke, baina hankamotz geldituko litzateke.
Zorionez, ez da kasua. Aniztasun hau islatzeko, atxikimendua eman
dutenen artean:
- Jakintza arloak: Giza eta Gizarte Zientzietako, Zientzia Esperimental eta Puruetako, Zientzia Teknologikoetako partaideak daude.
- Hezkuntza: Unibertsitate, Bigarren Hezkuntzako eta Euskaltegietako irakasle/ikasleak daude.
- Ikerketa: Unibertsitate, Zentro Teknologiko, Ikerketa Zentru desberdineko taldeak/ikertzaileak daude, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak.
- Komunikazio/Dibulgazioa: Zientzia dibulgazioa eta komunikazioa egiten duten hainbat eragile, talde, zientzialari, kazetari eta abar daude.
- Bestelakoak: liburutegiak, katalogatzaileak, eta abar daude.
Garbi dago ekimen zabala eta parte-hartzailea izateko osagai guztiak dituela #KulturaZientifikoa Jaialdia. Hemendik gonbitea luzatzen dizuegu parte hartu nahi duzuen eragile/talde/pertsona guztioi, denondako tartea dago eta!
Bide batez, animatu #kulturazientifikoa etiketa erabiltzen Twitterren, zientzia kontuak euskaraz partekatzeko!
Bukatzeko, zorterik onena opa nahi diogu Zientzia Kaierari #KulturaZientifikoa 1. Jaialdia antolatzen. Guztion parte hartzearekin, ziur naiz Jaialdi bikaina eginen dugula, eta #KulturaZientifikoa zuhaitza haziko dugula!